Hiriak

Iguzkitza

Iguzkitza lau kontzejuk osatutako udalerria da: Azketa, Iguzkitza (herriburua), Labeaga eta Urbiola.

Azketa

Monjardín mendiaren ekialdeko hegalean dago Azketa. Donejakue bidea bertatik bertara bizi duen herrixka da Azketa, erromesek etengabe zeharkatzen dutena. Bertako eraikinen artean, San Pedro Apostoluaren eliza nabarmentzen da. Erdi Aroko eraikina da, XVI. mendean gotiko berantiarreko estiloan zaharberritua. Azketan lasaitasuna arnasten da eta, zalantzarik gabe, leku ezin hobea da Lizarrako merindadeko handitasunaz gozatzeko. Taberna txiki bat dago herrian auzokide eta bisitarientzat, baita landetxe bat ere. Halaber, Iguzkitza udalerriko udal bulegoak ere bertan daude.

Iguzkitza

Iguzkitza udalerriko herri handiena da. 200 biztanle inguru ditu, eta azpiegitura eta zerbitzu gehien dituen herria da. Osasun kontsultategia, farmazia, igerilekua, frontoia, taberna eta zenbait landetxe dira horien artean aipagarrienak. Bisitatzeko moduko zenbait eraikin ere baditu: San Andres parrokia, XII. mende bukaerako estilo erromanikoko eliza; Sortzez Garbiaren ermita, XVII. mendean eraikia; eta XVI. mendean eraikitako Vélaz de Medrano leinuaren oinetxe jauregia («Palacio Cabo de Armería» bezala ere ezagututako Nafarroako Erresumako leinu zaharrenen jatorrizko oinetxeak dira jauregiok). Era berean, Iguzkitzako udal-mugartean dago «Sima de Rosas» izenez ezagututako leizea ere, bisitaria harritzen duen erakargarri natural eta paisajistiko txundigarria. Herrigunetik bertatik bertara dagoen mendian ere, bidezidor sare ikusgarri batekin gozatzeko aukera izango dugu.

Labeaga

Iguzkitza udalerriko kontzejurik txikiena da Labeaga; 30 biztanle inguru ditu, besterik ez. Herria zeharkatzen duen Ega ibaiaren presaren ondoko errotaren inguruan eraikitako herrixka da. Iparraldean Zufia du mugakide, hegoaldean Villamayor de Monjardín, ekialdean Iguzkitza, eta, mendebaldean, Abaigar eta Murieta. Vasco-Navarro trenaren bide berdea herrigunetik gertu igarotzen da, eta ibiltari eta zikloturista ugari erakartzen ditu. Bisitariek hainbat etxe armarridun ezagutzeko aukera izango dute herrigunean, baita San Servando eta San Gervasio eliza ere. Hori bai, zalantzarik gabe, ingurune naturala eta lasaitasuna dira Labeagaren erakargarri nagusiak.

Urbiola

Logroño, Lizarra eta Iruñea lotzen dituen N-111 errepidearen ondoan dago Urbiola. Herri abegitsua da, 40 biztanle pasatxo besterik ez dituena eta Donejakue bidean bertan kokatuta dagoena. Egilatz jauregia eta hainbat armarridun etxe nabarmentzen dira herrigunean. Herriko taberna, berriz, kontzejuko elkargunea da. Herria txikia bada ere, hiru tailer daude bertan: zurgindegi bat, forja bat eta tailer mekaniko bat. Urbiolan «Gizaki Berdeen Kobazuloa» bezala ezagutzen den kokagune arkeologiko bat dago («Cueva de los Hombres Verdes»); Brontze Aroan meategi bat izan zen bertan, eta, gerora, gizakiak lurperatzeko gune gisa erabili zen. Bertara ibilaldi bat eginez gero, zalantzarik ez izan Iguzkitzako kontzejura egindako bisitaldiak are eta gehiago mereziko duela.

Bere nabigazioari buruzko datu estatistikoak lortzeko baimena eskatzen dugu webgune honetan, 13/2012 Errege Lege Dekretua betez. Nabigatzen jarraitzen badu, cookieak erabiltzea onartzen duela uste dugu. OK | Informazio gehiago